Mario Onaindiaren euskararekiko grina

Mario Onaindiaren euskara hutsezko lanen bilduma da ‘Mario Onaindia biblioteka’. Hiria argitaletxeak 2006an sortu zuen, eta lehen emanaldian sei liburu aurkeztu zituen. Aurten izan dugu bigarren emanaldia, beste bost libururekin. Denetara, 27 liburu agertuko dira. Horien artean, liburu tankera bat baino gehiago ageri da bilduman: Sorkuntzazko lanak itzulpenak, hizkuntzari buruzkoak eta entseguak.

Marioren lan eta zaletasun anitzek bere euskaltzaletasuna ezkutatu egin dutela uste dut, eta, beraz, hizkuntzaren alorrean eta inguruan egin zuen lan ikaragarria baztertua geratu dela. Horregatik nahi nuke Marioren euskararekiko grinaz berba egin.

Euskal idazle klasikoekiko lilura zuen. Kartzelan zegoela, 1936ra arte euskaraz idatzitako ia dena irakurri zuen. Koldo Mitxelena eta Juan San Martinek lortzen zizkioten liburuak eta familiak Cáceres eta Kordobara eraman. Leizarraga, Axular, Etxepare, Etxeberri Sarakoa, Mogel eta Tartas hustu, eta apunte bikainak egin zituen euren sintaxiaz. Axularren eta Leizarragaren hiztegiak aurreratuak zituen, baina Villasantek eta Arestik lan hori egina zutela jakinik, laga egin zuen. Klasikoetara jo beharra gogorarazten zuen behin eta berriz.

Hala esan ohi zuen: autore klasikoak dira inportanteak, ez dute euskalki batean idazten, nahastu egiten dute. Eskritore zaharrek hurbildu eta bateratu egiten gaituzte elkarrengana. Mogel eta Leizarraga hurbilago dira, beren euskalkiak baino. Euskal joskera berri bat sortu zuten, euskara zernahi idazteko egokituz, literaturaren eta zientziaren lanabes bihurtuz.

Euskara bateratu eta, gainera, euskara hizkuntza literario bihurtu, huraxe zen Marioren xedeetako bat. Hegoaldean, 1890 inguruan klasikoengandik etena gertatu zen, Iparraldean, zorionez, gertatu ez zena. Mariok ez zuen iraultzarik proposatzen hizkuntzan, XX. mendearen hasieran egin zen etendura alde batera uztea baino. Klasikoen betiko euskarari lotu, beldur gabe hitzak eta sintaxia erabiliz eta ez berri bat asmatu. Arestiri eta bere taldeari ematen zien batasunaren eta zabalkundearen gogoa izatea. Euskal Filologia amaitzeko sei ikasgai geratzen zitzaizkion.

Sorkuntzari garrantzia ematen zion Mariok. Hizkuntzak aurrera egiteko ehunka nobela eta zinema gidoi behar dira. Itzulpena ere oso inportantetzat zeukan baina itzultzea ez da nahikoa. Irlandar gaelikoa ofiziala da, baina ez dago sorkuntzarik.

Marioren liburuen helburua zen literatur hizkuntza bat euskaraz sortzea eta bizitzan eta literaturan ikasitakoa adieraztea. Dena zen bat beretzat: ekintza intelektuala, politikoa, historia, literatura, zinema, mentalitateen historia eta gauzak aldatzeko bideak. Literatura, euskara hutsez egingo zuela erabaki zuen. Eta hala izan zen.

Kartzelatik irten eta batera, Lur argitaletxeko Enrike Villarrek agindu zion argitaletxearen ardura eramatea eta Mario prest agertu zen. Baina alderdiko idazkari orokorra izendatu zuten eta ezin izan zuen hartu. Aldi batean, ‘Zeruko Argia’n idatzi zituen, izenpetu gabe, lan munduaz eta ekonomiari buruzko artikuluak. Prentsan idatzi zituen 250 artikulu ingurutik, ehuneko hogeia euskaraz izan zen.

Autonomia Estatutuaren ondoren, Mariok Euskararen Normalkuntzarako legea jotzen zuen lege nagusitzat, eta gero, Eskola Publikoaren Legea, biak gehiengo zabalez onartu zirenak. Legebiltzarrean, ‘Egunkaria’ eta AEKren aldeko dirua lortu zuen. Eta euskarazko idazleei laguntzak ematea bultzatu zuen.

Mariok uste zuen, gizarteari begira, euskaltzaletasunak jarrera naturala, eguneroko gauza izan behar duela. Norberak egin behar du lana, banan-banan ikasi. Gauza sinbolikoek eragin laburra dute. Gauzak borondatez egin behar dira, bortxa barik. Euskara partidu batzuei lotzea, jazo dakiokeen gauzarik arriskutsuena da. Arma politiko gisa erabili beharrean, demokrazia zaintzeko erabili behar litzateke. Joana Albreten garaietatik, gaurko egunetan izan du euskarak historiako bultzadarik inportanteena, lehen batere dirurik ez zeukan eta orain milioiak, zioen. Berrogei urtean, hilzorian egotetik aurrerapauso nabarmenak eman ditu.

Gaur egun ez da ezaguna, 1994an, hauteskundeak irabaztekotan, prestatu zuen Hizkuntz Politika Plana. Bertan agertzen da, besteak beste, Hezkuntza eta Kultura sailak, Hizkuntza Politikaren Idazkaritza eta HABE sail batean batu behar zirela. EITB autonomoa izango litzateke. Unibertsitatean bulego berria sortu nahi zuen, aditu eta zientifikoez osatua. Administrazioak bulego horrek hartutako erabakiak bete egin behar lituzke (hizkuntza ereduez, administrazioa euskalduntzeaz, helduen euskalduntzea eta alfabetizazioaren diagnosia egin, udal elebakarrekin jardun). Mariok defendatzen zuen HABEri dirua emateko, ez zitzaiola AEKri kendu behar, Guggenheim museoari baino. Euskaltzaindiarekin harremanak argitu egin behar ziren, eta Eusko Ikaskuntza eztabaida kultural eta ideologikorako toki bihurtu nahi zuen, eta Lapurdi/Nafarroa Beherea/Zuberoako, Nafarroako eta EAEko unibertsitateen koordinazio eta topaleku baliagarria egin.

Eztabaidatua izan badaiteke ere, bere bilakaera dela eta, gizon zintzoa izan zen. Diruagatik sekula mugitu ez zena. Ezer eskatu ere, ez zuen egin. Eta lanerako eta laguntzeko prest zegoen. Ideiak borborka etortzen zitzaizkion eta multzoka zituen. Politika, beretzat, gauzak hobetzeko bitartekoa zen, pertsonak, herritarrak hobeto bizi zitezen lortzeko bitartekoa. Eta erakutsi nahi izan dudanez, nire lehengusuak euskararekiko interesa galanta zuen, idazle, itzultzaile, filologo eta politikari legez.

Manu Gojenola Onaindia, EL CORREO, 2/8/2008