Euskaraz idatzi zituen lan guztiak bilduko dituen biblioteka abiatu du Hiriak.
«Mario Onaindia politikariaren ondoan Mario Onaindia idazlea bizi zen», dio Mario Onaindiaren biblioteka bildumako lehen liburukian Ivan Igartua idazleak. Hiruzpalau urteren buruan hogeita zazpi liburukitan Mario Onaindiaren euskarazko idazlan guztiak zabalduko ditu, hain zuzen, Hiria argitaletxeak abiatu duen bildumak; Onaindia (Bilbo, 1948-Gasteiz, 2003) bizi zela argitaratu zirenak, argitaratu gabe gelditu zirenak eta, zortea lagun, baita galduta dauden bi lan ere.
Nobela galdua
Horietako lan galdu batek beteko du hain zuzen -Ez gaztanberak hezurrik nobelak- bildumaren aurreneko emanaldian hutsune moduan sumatzen den bibliotekako 2. liburukia. Onaindiak kartzelan zegoela idatzi zuen eleberria, eta garai hartan Caja de Ahorros Vizcaína zenak deitutako literatur lehiaketa batera bidali zuen originala. Haren pezkizan jarraitzen du Luis Haranburu Altuna editorearekin batera bildumaren osaketaz eta moldaketaz arduratu den Manu Gojenola Onaindia, Marioren lehengusu eta adiskidea, haren lanen gordetzailea.
Gojenolaren aitzin solas luze batek eskaintzen ditu bildumako aurreneko liburukian -Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak nobelari dagokion alean- Mario Onaindiaren literatur lan eta kezken inguruko xehetasunak, eta Onaindia idazlea hobeto ezagutzeko lagungarriak dira, halaber, Luis Haranburu Altuna editorearen eta Antonio Muñoz Molina eta Ivan Igartua idazleen testuak.
Manu Gojenolak ez du zalantzarik Mario Onaindia, idazten jarraitu izan balu, «XX. mendeko euskal idazle inportanteenen artean» egongo litzatekeela esatean. Zeregin askotan murgildu zen, ordea. Batik bat, politikagintzan, eta politikari lanetan lortu zuen dimentsioak itzalean utzi zituen gainerakoak.
Hala eta guztiz ere, 1969tik 1977ra bitarteko urteak giltzapean igarotzera eraman zuen politikarako grinak ez zion urte haietan literatur zaletasuna murriztu. Aitzitik, areagotu egin zion, eta kartzelaldi betean erabaki zuen, 1973an, «literatura idaztea eta euskara literatur hizkuntza bilakatzea».
Klasikoak irakasle
Kartzelan igaro zituen aurreneko urteak euskal klasikoak irakurtzeari eta euskaraz idazteari eman zizkion ia erabat. Klasikoak izan zituen irakasle, eta haiengandik ikasitakoak betiko arrastoa utzi zuen bere idazkeran.
Onaindiak aurreneko lanak idatzi zituenetik euskara aldatu egin da batasunerako bidean. Oraingo argitalpen honetarako testu guztiak berrikusi badituzte ere, zera dio Gojenolak: «Harrigarria da zein aldaketa gutxi egin behar izan ditugun. Klasikoen eskutik euskara menderatzera heldu zen, eta kasuren batzuetan Euskaltzaindiari aurrea hartu ziola ere esango nuke».
Zazpi nobela, ipuin liburu bat, prentsarako artikuluak, kolaborazioak, hitzaurreak eta hainbat gairi buruzko gogoetak idatzi zituen Onaindiak. Itzuli ere asko itzuli zuen, denetarik gainera. Besteak beste, Roald Dahlen Charlie eta txokolate fabrika ekarri zuen euskarara. Oraindik aurkitu gabeko nobela izan ezik, gainerako fikzio lan denak argitaratuta daude, baina ezin beste horrenbeste esan itzulpenei eta «etxeko ganbaran, utzita, bi poltsa handitan gordeta zeuzkan» testuei buruz. Biblioteka honen bitartez, beraz, bere osotasunean ezagutu ahal izango da Mario Onaindiaren euskarazko obra, eta argitara irtengo da «politikagintzak baztertu zuen idazlea».
ARGITARA EMANDAKOAK
1. Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak. Luis Haranburu Altuna, Antonio Muñoz Molina, Ivan Igartua eta Manu Gojenola Oaindiaren testuak ditu atariko 1973an idatzi eta 1977an argitaratu zen Onaindiaren lehen nobelak.
3. Grand Placen aurkituko gara. 1982ko idatzitako nobela.
4. Gau ipuinak. 1983ko ipuin-bilduma.
5. Gillen Garateakoa batxilerra. 1984ko nobela.
6. «Delrincon»en motorra. 1985eko nobela laburra.
25. Saioak. 1977tik 1999ra zenbait aldizkari eta egunkaritan -gehienak, Euskaldunon Egunkarian- argitara emandako artikuluek osatzen dute batik bat liburuki hau.
N. Azurmendi, EL DIARIO VASCO, 23/10/2006