Oraingoan bost liburu plazaratu dira, tartean ‘Olagarroa’ eta ‘Gela debekatua’ Itzulpenak, berriz, Althusser eta Marx-en lan batzuenak dira.
Mario Onaindiaren Biblioteka bildumako beste bost ale plazaratu dira, alegia, idazle eta politikari hark egindako bi narrazio (Olagarroa eta Gela debekatua) eta hiru itzulpen (L. Althusser-en Marxen iraultza teorikoa eta Karl Marxen Frantziako klase gatazka eta Frantziako gerra zibila).
Iaz hasi zen Hiria argitaletxea Mario Onandiaren (Bilbo, 1948-Gasteiz, 2003) lanak publikatzen. Prestatzaile lanean haren lehengusu eta lagun mina jardun da, Manu Gojenola Onaindia idazlea. Aurreko emanaldian, iaz, Onaindiaren narratiba-liburu batzuk (lehen ere argitara emanak) eta artikulu-bilduma bat plazaratu ziren: Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak, Grand Placen aurkituko gara, Gau ipuinak, Gilen Garateako batxilerra eta Delrincon-en motorra; eta Saioak artikulu-bilduma, alegia.
Burgosko epaiketaren ostean urte asko eman zuen Mario Onaindiak Caceresko kartzelan. Hain zuzen ere, hango egonaldian egin zituen oraingo sorta honetan kaleratu diren bost lanak. «Kartzela hartan ETAko beste bi kide izan zituen lagun: Jose Luis Zalbide, han lehendik zegoena, eta Teo Uriarte. Horiek ez ziren euskaldunak, eta euskara pixka bat ikasi bazuten ere, ez ziren sekula euskaraz egitera iritsi», azaldu digu Manu Gojenolak. «Hango zuzendaria harrituta zegoen hiru gizon horien irakurzaletasunarekin. Komentatu zuen lau urtean hiru mila liburu irakurtzera iritsi zirela».
Eta kartzelan zegoela, besteak beste euskal klasiko zaharrak ezagutzeko parada izan zuen Onaindiak. «Juan San Martinek eta Koldo Mitxelenak lagunduta, han zulo hartan hainbat testu klasiko izan zituen esku artean. Esaten zuen 1936ra arteko klasiko guztiak ezagutzera iritsi zela. Eta sei idazleren sintaxiaren azterketa sakona egin zuen gainera: Leizarraga, Axular, Etxepare, Etxeberri Sarakoa, Mogel eta Tartasena», dio Gojenolak. «Hizkuntza kontuan ez zen iraultzailea. Uste zuen Azkue eta Aranak eragindako etena gainditu egin behar zela eta aurreko klasikoen lanetan oinarrituta erauiki behar zela etorkizuneko prosa».
Buruan zeukan eredua gauzatu nahian, kartzelako egonaldian hamar itzulpen luze egin zituen, horietako zazpi testu politikoen itzulpenak, hain zuzen ere.
Datorren ikasturtean hauek argitaratuko dira: Ideologia liberala (A. Vachet), Bertold Brechten Teatro hautatua eta Artista eta bere garaia (E. Fisher).
EL DIARIO VASCO, 25/7/2008