Politikari eta intelektual bizkaitarraren bigarren liburu-sorta plazaratu dute.
Mario Onaindiaren (Bilbo, 1948-Gasteiz, 2003) unibertso ezkutua ezagutarazteko ahaleginean, Manu Gojenola idazleak eta Hiria argitaletxeak politikari eta intelektual bizkaitarraren euskara hutsezko beste bost idazlan plazaratu berri dituzte: Olagarroa eta Gela debekatua eleberriak eta Louis Althusser-en Marxen iraultza teorikoa eta Karl Marx-en Frantziako gerra zibila eta Frantziako klase gatazka 1848-1850 obren itzulpenak.
«Iaz ekin genion Mario Onaindiaren Biblioteka argitaratzeari, eta bigarren liburu-sorta honen bitartez, sormenezko lanen atalari amaiera eman eta pentsamendu unibertsaleko zenbait obraren itzulpenak kaleratzen hasi gara», azaldu du Gojenolak, Onaindiaren lehengusu eta lagun minak.
Idazlan hauen balioari dagokionez, Gojenolak «Cacereseko kartzelan egindako lanak direla» azpimarratu du lehenik eta behin. «Balio linguistiko handia ematen zion itzulpenari, eta Burgosko Prozesuaren ondoren jasan zuen kartzelaldi luzeaz baliatuta, garai hartan puri-purian zeuden liburu batzuk euskaratzeari ekin zion», gaineratu du.
Baina Onaindiaren ahalegina askoz ere harantzagokoa izan omen zen, euskara literarioak jarraitu beharreko ildo linguistikoak zirriborratu baitzituen. «Juan San Martin eta Koldo Mitxelenaren laguntzaz,klasikoak irakurri eta testu zaharretako sintaxia sistematizatu zuen», ziurtatu du.
Onaindiak Etxepare, Leizarraga, Axular, Tartas, Etxeberri Ziburukoa eta Mogelen idazmoldea aldarrikatu zuen euskara literarioaren oinarritzat, «eta egin zituen jendaurreko agerraldi askotan, klasiko horien aipu eta esamoldeak tartekatu zituen», esan du Gojenolak.
Biblioteka kasualitatearen ezusteko emaitza izan da hein handi batean. «Marioren ama hil ondoren, etxeko ganbara garbitzera joan eta hara non paper zaharrez betetako bi poltsa handi aurkitu genituen: kartzelako idazlanen eskuizkribuak ziren», gogoratu du Gojenolak. Ordurarte, galdutzat jotzen ziren Onaindiaren kartzelako lanak. Altxorra arakatu ahala, ordea, Onaindiaren Bibliotekaren apailatzaileak zenbait hutsune idoro zuen aurkitutako materialean.
Bigarren liburu-sortan atera duten Althusser-en Marx-en iraultza teorikoa, esate baterako, ez zegoen egon behar zuen lekuan. «Antza denez, Mariok Jon Suduperi utzi zion aspaldi, eta Azpeitiko idazlearen laguntzaz berreskuratu ahal izan dugu», nabarmendu du Gojenolak.
Gottfried Stiehler-en Hegel eta dialektikaren hastapenak liburuaren itzulpena eta Ez gaztanberak hezurrik eleberria diraa gaur egun desagertuta dagoen Onaindiaren beste idazlan garrantzitsu batzuk. «Nobela Bizkaiko Aurrezki Kutxaren lehiaketa batera bidali zuen 1975ean, eta berrikitan jakin dugunez, orduan epaimahikide zebilen Eusebio Erkiagak idazlan guztien kopia bana gordetzeko ohitura zuen; haren familiarekin jarri gara harremanetan ea topatzerik ba ote dugun», adierazi du bildumaren arduradunak.
Datorren ikasturtean, Hiria argitaletxeak Onaindiak landutako hiru itzulpen plazaratuko ditu: André Vachet-en Ideologia liberala, Bertold Brecht-en Teatro hautatua eta Ernst Fischer-en Artista eta bere garaia.
Mario Onaindiaren Biblioteka
– Sorkuntza lanak. 2006-2007an argitaratutakoak: Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak, Grand Placen aurkituko gara, Gau ipuinak, Gilen Garateako batxilerra eta Delrincon-en motorra nobelak eta Saioak artikulu-bilduma 2007-2008an argitaratutakoak: Olagarroa eta Gela debekatua.
– Itzulpenak. 2007-2008an argitaratutakoak: Frantziako klase gatazka 1848-1850 (Karl Marx), Frantziako gerra zibila (Karl Marx) eta Marx-en iraultza teorikoa (L. Althusser) Datorren ikasturtean argitaratuko direnak: Ideologia liberala (A. Vachet), Bertold Brechten Teatro hautatua eta Artista eta bere garaia (E. Fisher).
EL PAÍS, 23/6/2008