Gland Placera itzuli

Mario Onaindiaren idazkiak biltzen dituen bilduma aurkeztuko dute ostegunean.

«Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak bezalakoak baikara. Itxuraz, elur gainean baizik ez daude sostengaturik, eta bultzada tipi batez higi daitezke. Ez, ezina da, zeren lurrari xit tintoki loturik baitaude. Baina, erne, hori ere itxura soil bat baizik ez da». Kafkaren aipu hori du abiapuntu Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak eleberriak, Mario o­naindiak (Lekeitio, 1948-Gasteiz, 2003) idatzi zuen lehenbiziko literatura-lanak. Preso baten askatzea hari nagusitzat duen liburua 1973an idatzi zuen askorentzat jarduera politikoagatik soilik ezaguna zenak, hain zuzen ere «Espainiako kartzeletan» preso zela, egileak berak hitzaurrean azaltzen duenez. Liburu horrek berriz ikusiko du argia aste honetan, bere beste hiru narraziorekin, ipuin-bilduma batekin eta saiakera liburu batekin batera. Ostegunean aurkeztuko ditu Zarautzen Hiria argitaletxeak. Datozen urteetan zehar o­naindiaren euskarazko lan guztiak, 26 izenburu guztira, berrargitaratzeko asmoa du, lau ataletan banatuta: sorkuntza-lanak, itzulpenak, saioak eta hizkuntzari buruzko izkribuak.

Lehen emanaldiaren bigarren izenburua o­naindiaren lanik ezagunena da: Grand Placen aurkituko gara (1983), itotzen ari diren erakundeetatik ihesi, bere burua askatu nahirik ari den neska baten inguruko kontakizuna. «Nolabaiteko izaera autobiografikoa du», argitu du Luis Haranburu bildumaren editore eta egilearen lagunak. Horrekin batera, beste bi narrazio aukeratu dituzte ekimenaren bultzatzaileek, Gilen Garateako Batxilerra eta Delrinconen motorra. XV. mendean Durangaldean izan zen mugimendu heretikoa ikertzera bidalitako eliza-gizon baten bizipenak eta arrazakeria pairatzen duen etorkin galego baten istorioa azaltzen dituzte, hurrenez hurren, bi liburuok.

Azkenik, beste bi liburu aurkeztuko ditu Hiriak: Saioak saiakera-sorta eta Gau ipuinak ipuin-liburua. Azken honetan, egilea «narratiba esperimentalera hurbildu zen, berak hain gustuko zituen Ernest Hemingway eta John Dos Passosen literaturara», Haranbururen hitzetan.

Burgosen epaitu eta gero 1975era arte izan zen preso o­naindia. Orduan piztu zitzaion idazteko grina. Ez hori bakarrik, euskal klasikoak irakurtzen eta pentsamendu-liburu ugari euskaratzen eman zuen hiru urteko presoaldia. Bertolt Brechten Teatro Hautatua eta Karl Marxen Brumarioren 18a, Klase-gatazka Frantzian eta Gerra Zibila Frantzian euskaratu zituen, beste batzuen artean.

Hain zuzen ere, askatasuna izan zen bere lan gehienen argumentuaren ardatza. «Grand Place-n bikotekidea preso den bitartean bere burua askatu nahian ari den emakume bati buruz ari da; Gilen Garateakoa ustezko heretikoak Ebanjelioaren bestelako irakurketa egiten duten pertsonak besterik ez direla ohartzen da eta emakume batekin maitemintzen da», dio idazlearen lehengusu eta hark idatzitako lan askoren gordailu Manu Gojenolak. «Ideia nagusia askatasuna da», erantsi du, «baina liburu bakoitzean teknika desberdinak erabiltzen ditu gaiari heltzeko».

Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak Jon Lariz ezizenarekin idatzi zuen. «Gogoan dut une hartan berehala ohartu ginela Jon Lariz nor zen», gogora ekarri du Ibon Sarasola euskaltzain eta o­naindiaren idazle-belaunaldiko kideak. Sarasolarekin ez ezik, garaiko beste idazle ugarirekin harremana izan zuen.

Euskal nobelagintza modernoa sortzen ari zen garai horretan, ekarpen garrantzitsua egin zion generoari. Sarasolaren iritziz, «euskal panorama txikian beste ikuspuntu bat izan zen. Une hartan aberastu egin zuen euskal nobelagintzaren panorama». «Liburu irakurgarriak idatzi zituen, eta hori ez zen gutxi, eta batez besteko kalitate-mailarekin. Orain famatuagoak diren egile batzuk baino aipagarriagoa dela uste dut», erantsi du.

Literaturan eta saiakeran ez ezik, antzerki eta komiki alorrean ere jardun zuen o­naindiak gidoigile gisa. Hala ere, esparru horiek bazter utzi zituen politikari gisa egin zuen lanak. Hortaz, bilduma hau aukera aproposa izan daiteke lan haietara berriz hurbiltzeko edo lehenbiziko aldiz irakurtzeko. Gojenolaren iritziz «beste pertsona bat izan balitz, aitortuko zen lan horien balioa. Baina Mariok hain pisu politiko handia izan zuenez, bigarren maila batean geratu dira».

Klasikoen ikaslea

Mario o­naindia klasikoen irakurle amorratua izan zen. Horien testuetatik ikasitakoak bere lanetan ere erabili zituen, adibidez Gilen Garateako Batxilerra narrazio-liburuan. «Liburu horretan ez dagoela Etxeparek erabili ez zuen hitzik esaten zuen», gogoratzen du Ibon Sarasolak. Haren ustez, «Mario beti izan zen klasikoa, Leizarragazalea. Dea den, nik uste dut hizkuntza nahiko komunikatiboa lortu zuela».

Kartzelako urteetan bai Leizarragaren eta bai Axularren lan guztiak irakurri eta aztertu zituen. Filologo gisa ekarpen handia egin zuen garai horretan hizkuntzalaritza alorrean, Luis Haranbururen iritziz. «Gero lan horiek gaindituta geratu ziren, baina urte haietan ez zegoen hainbeste jenderik esparru horretan ari zenik». o­naindiaren iritziz, Axularren eta Mogelen hizkera elkarrengandik hurbilago zeuden bizkaiera eta lapurtera baino. Hortaz, euskara klasikoen eredu «bateratuaren» alde egin zuen hizkuntza literarioa eta estandarra garatzeko ardatz gisa, euskara batuaren ordez.

EL PAÍS, 16/10/2006